2007/11/07

Diyarbakirren heriotza




Mehmed Uzun idazle ezezagun bat da gure herrian. Joan den igandean Angel Errok publikatu zuen artikulu luze bat "Berria" egunkarian kurduarri buruz. Hauxe da:

Mehmed Uzun eleberrigilea, kritikari zenbaitek kurduerazko idazle hoberentzat hartua, joan den urriaren 10ean zendu zen, Diyarbakirren (Turkian), urdaileko minbizi batek jota, urte luzeetan Suedian erbesteratuta egon ondoren.

Angel Erro

Bizi bitartean, herri oso baten ordezkapena lepo gainean eramateak lan pisua dirudi, norbera eta norberaren jendartea bereizi beharrez. Hil ondorenean, heriotzak nitasuna lurrarekin berdindu ondorenean, berriz, ez dago ondokoa zertan aldarrikatu, Mehmed Uzunek behin egin bezala: «Eta orain galdetzen baduzue 'nor zara zu?', erantzun dezaket jende horietako bat naizela, nire hitza beraien hitza dela, nire ahotsa beraien ahotsa». Uzunek idatzi zuen lehen nobela, 1985ean, Suediako bere erbestean nortasunaren galdera handiari erantzun nahian, Tû (Zu) deitu zuen. Gero beste nobela batzuk etorriko ziren, kurdueraz, baina baita turkieraz zein suedieraz burututako antologia eta saiakerak. Maitasun galdu baten gerizpean nobela bereziki nabarmentzen dute kritikariek. Herritarrei nortasuna galarazten dien errepublika batean bizitzearen tragedia aztertzen du nobelak, askatasunaren bila bizitza xahutzen duten intelektualen goibela azpimarratuta.

KALITATEA EUROPAN EZ EZIK Turkian bertan ere aitortu izan zaio Mehmed Uzuni. Yasar Kemal nobelista turkiarrak eleberri kurduaren maisutzat jotzen du Siya Evîne (Itzalaren peskizan) nobelaren frantsesezko itzulpenaren aitzinsolasean. Itzalaren peskizan da frantsesera itzulia duen lan bakarra. Haren obrak pasa den hamarkadan Europako hizkuntzetara itzultzen hasi baziren ere (dagoeneko 20 hizkuntzatan dago irakurgarri), oraindik ez dago Mehmed Uzunen eleberriak euskaraz edo gaztelaniaz irakurtzeko aukerarik.

ETXEAN EZIN. Hogeita bi urterekin Rizgazi aldizkari elebiduna atera zuen, mugimendu kurduaren aldekoa, Rusen Aslan lagunarekin batera. Hurrengo urtean, 1976an, Gobernuak separatismoa egotzita, atxilotu zuten eta Ankarara eraman, bertan epaitua izateko. Epaiketa kafkatarra izan zen. Kurdueraz idazteagatik eta bere burua kurdutzat hartzeagatik auzipeturik, kurdu hizkuntza zein herria izan bazirela frogatzera behartuta ikusi zuen bere burua, fiskalak ez kurduerarik ez kurdurik existitzen ez zirela baieztatzen zuen bitartean. Delitu imaginario bat, beraz, leporatzen bazioten ere, zortzi hilabeteko kartzelaldia pasatu behar izan zuen. Behin kartzelatik aterea, Suediara alde egitea erabaki zuen, asilo politikoan, beste herrikide askoren bide bera hartuta. Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) ere mehatxatuta bizi zen Mehmed Uzun Suedian, bortizkeriaren erabilera salatzeagatik. Su-etena hautsi zen ondoren, larritasuna erakutsi zuen. «Armek beren eskubideak berreskuratu dituzte eta jendea berriz hasi da larritasunean bizitzen»

ERBESTEA SUEDIAN. Militante gaztea Suediako bakarlekuan idazle jori bilakatu zen, kurderazko hamabost eleberri eta saiakeraren egile, literatura kurdu modernoaren oinarrietarik sendoena. «Idazten hasi nintzela, nire aurrean hizkuntza ahozko bat, debekatua, hainbeste denboraz bizitza publikotik baztertua ezen nire gurasoen hiztegiak 150 edo 200 hitzetara mugatzen baitzen. Literatur hizkuntza moderno bat sortu behar izan dut, nire erabilpenerako, ahozko tradizioa, musika, alegiak, dialekto ezberdinak berraurkituz». Baina ez du folklorismora zedarritu nahi izan, ildo horretan ez du beretzat «idazle kurdu» etiketa nahi. Bere prestakuntzan Mendebaldeko tradizioa ere osagarri ezinbestekotzat du. «Mendebaldearen eta Ekialdearen nahasketarik gabe ez nintzen naizen idazlea izanen».

Suediako gobernuak eman diru laguntzek Mehmed Uzunek literatura egiten eta bere lana zein besteena argitaratzen jarraitu zezala ahalbidetu zuten. Irakeko iparraldera maiz ibilia zen, poemak eta istorioak jasotzeko asmoz. XVI. eta XVII. mendeko olerki kurdu klasikoak, arabiar idazkietan jasoak, ere bildu ditu, hala nola XX. mende hasierako aldizkarien material galdu asko. Esperientzia horiek zenbait saiakera burutzera eramaten dute. Hizkuntza bat sortzea izenekoan Turkiako kurduek beren kultura beraien hizkuntzan jasotzeko ezgaitasunaz eta ahozko literatur tradizioa berreskuratzeko zailtasunaz dihardu. Mingrana loreak saiakeran kurderazko literatura errepasatzen du.

ETXERA ITZULIZ. 2000. urtean Turkiara sartzeko baimena lortu eta Diyarbakir hirian kurduerarekiko turkiar politika salatu (ofizialtasunik gabe, eskoletan kurduera irakastea eskatuta) ondoren, epaiketa egin zioten in absentia. Zenbait Nobel saridunek, Nadine Gordimerrek, Gunther Grassek eta Elie Wieselek, elkartasuna erakutsi zioten. Azkenean errugabetzat jo zuten. Hala ere, Uzunek jarraitu zuen elkar ulertzearen eta tolerantziaren alde irmo jokatzen, eta 2005ean, kanpoan 28 urte eman ondoren, Istanbulera aldatzea erabaki zuen, Turkiaren irekitze prozesu lotsatia gotortzera-edo.

Iaz urdaileko minbizia aurkitu ziotela, Diyarbakir hirira, bere herrira berak esan moduan, «ez hiltzera, bizitzera baizik» itzuli zen.

[Berria egunkarian argitaratua/2007-11-4]

No hay comentarios:

Publicar un comentario